Iurretako Udalak lehiaketa publikora atera du udalaren argiteria publikoaren sarea mantentzeko zerbitzuen kontratazioa, oinarrizko aurrekontua urteko 95.590 eurokoa da (% 21eko BEZa barne). Esleipenak bi urteko iraupena izango du eta beste bi urtez luza daiteke.
Ekimen honen helburua, argiteria sistema “hobetzea, eraginkorragoak izatea eta gutxiago kontsumitzen saiatzea da”, Iñaki Totorikaguena alkatearen esanetan. Zerbitzu berriak kudeaketa-sistema zentralizatua izateaz gain, inbentariora, argi neurrietara eta matxuren kudeaketara heltzea ahalbidetuko du, eta gorabeherak denbora errealean monitorizatu ahal izango dira modu eraginkorrean.
Gainera, gaur egungo instalazioen funtzionamendua, kontserbazioa eta egokitzapena kontrolatzeko lanen ardura izango du. Instalazioek 1.500 argi-puntu baino gehiago hartzen dituzte, udalerri osoko 28 aginte- eta kontrol-zentrotan banatuak. Halaber, beharra dagoenean mantentze elektrikoko lanak kontratatu ahalko dira udal eraikin eta udaleko beste instalazio elektrikoetan.
Hiru kontserbazio-mota
Esleipena jasotzen duen enpresarekin sinatuko den kontratuak hiru kontserbazio-mota bereizten ditu: oinarrizko mantentze-lana, mantentze-lan prebentiboa eta aparteko zerbitzuak, hain zuzen. Gainera, kontratuaren lehenengo sei hilabeteetan, argiteria publikoaren inbentarioa eguneratuko da GIS sistemaren bidez, non instalazioko elementu guztiak agertuko diren.
Oinarrizko mantentze-lana Iurretako argiteria publikoaren osagai guztiak kontserbatzea da, tarteko, aginte-zentroak, osagai luminoteknikoak, osagai elektrikoak, osagai mekanikoak eta instalazio horien obra zibilak.
Mantentze-lan prebentiboak euskarrien eta luminarien azalera berritzeaz, matxura edo kalteengatik ez denean, eta lanparak eta abiagailuak aldatzeaz arduratzen da. Era berean, argiztapen-instalazio guztien energia-kontsumoa kontrolatuko da, behar diren energia-eraginkortasun eta -aurrezpen mailetara egokitzeko.
Salbuespenezko zerbitzuak ohiz kanpokoak dira eta, Udaleko Zerbitzu Teknikoak hala eskatuta, nahitaez egin beharrekoak. Arlo horretan kokatzen dira Gabonetako argiak, larrialdietakoak, jaietako instalazioak eta kultur ekitaldietarako jarri beharrekoak, baita arauzko ikuskapenak eta mantentze elektrikoko beste lan batzuk egitea.