Ezkurdiko kioskoaren inguruan egiten ziren dantzaldiak berreskuratzeko asmoarekin, Durango Udalak euskal dantzen erromeriak antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Saioak hilean behin izango dira eta lehenengo ekitaldia aste honetako zapatuan egingo da, Aiko Dantza Taldeak girotura.
Ekimen honen bidez “Durangok beti izan duen erromeriekiko eta dantzarekiko sentsibilitate berezia” berreskuratu nahi da, Julian Rios alkateordeak eta Juanan Bueno zinegotziaren esanetan. Antolatu diren saioen bidez, “duela oso gutxi berritu dugun Ezkurdiko kiosko mitikoa” berrerabiltzeaz gain, ekitaldiak “Durango erdira» gerturatuko dituzte.
Programaren egutegia zapatu honetan abiatuko da, hilak 12, eta hurrengo saioak martxoaren 12an, apirilaren 9an eta maiatzaren 7an izango dira. Lotutako beste hiru datak uztailaren 9an, irailaren 10ean eta azaroaren 12an izango dira.
Ekainean, urrian eta abenduan zehaztu gabeko datetan egingo dira erromeriak, ‘Euskal Jaiak’, San Fausto Jaiak eta Gabonetako programen barruan, hurrenez hurren.
Hilabetero musika eta dinamizazioa jarriko den arren, hiru hilabetez behingo erromeria talde esanguratsu batek girotuko du.
Erromeriak 19:00etan hasiko dira eta euria izanez gero, Andra Mariko elizpean egingo dira.