Garaiko udalbatzak aho batez onartu ditu 2023ko aurrekontuak, 621.262 euroko zenbatekoarekin, aurtengoa baino % 1,31 gehiago. Aurreikusitako inbertsioak, Hiri Plangintzari bultzada emateko, Urien eta Aiartza auzobideak konpontzeko, udaletxearen teilatua berrizteko eta baso lurrak erosteko bideratuko dira.
Garaiko Udalaren egitasmo nagusiak 2023. urtean Hiri Plangintza idatziko duen talde-teknikoa izendatzea; eta Urien auzoko bidearen zati handi bat konponketa eta Aiartza auzoraino doan Beratuko bidearen 850 metroko tarte bat konponduko da. Azken jarduketa horri aurre egiteko, Garaiko Udalak akordioa egin du Abadiñoko Udalarekin.
Aurrekontuan aurreikusitako beste bi inbertsio, udaletxearen teilatuaren zati bat konpontzeko bideratuko da, eta baso lurrak erosten jarraitzeko berriz, 50.000 euroko zenbatekoa erreserbatu da. Herri-basoen 150.000 metro koadro baso-berritzea ere aurreikusten da.
Tasak izoztuta hirugarren urtez jarraian
Gastuek izan duten bilakaera kontuan hartuta, herriko taldeei, Gerediaga elkarteari zein herriko jaietarako dirulaguntzak igo egingo dira. Gainera, 2023ko Euskal Herriko Artzain Txakurren txapelketa herrian egingo da eta Garaiko historia jasotzeko egitasmo bat abian jartzea ere aurreikusi da.
Garaiko Udalak kontuan hartu du “egoera ekonomikoak eta inflazioak herritarren eta familien poltsikoetan izan duten eragina”, eta horregatik tasak-eta bere horretan uztea erabaki du. Hori horrela, hirugarren urtea izango da udal zerbitzuengatiko tasak igoerarik aplikatu barik izango dituena.
Hala ere, tasa berria ezarriko zaie “udal mugartearen barruko lur publikoetatik barrena argindarra, ura eta gasa garraiatzen duten enpresei”, adierazi dute Udal arduradunek.
Aurrekontuak prestatzerakoan, “zuhurtziaz jokatzea lehenetsi da, bideragarria eta gauzatzeko modukoa den aurrekontua” prestatuta. “Ildo horretan, ez da aparteko diru-sarrerarik aurreikusi. Halaber, ez da aurreikusi Udalaren jabetzako ondarerik saltzerik, ez eta baso ustiapenetik eratorritakorik ere”.