
Durangaldeko Jaizale txistularien taldeak Gabonetako kontzertua eskainiko du domekan, eguerdiko 13.00etan, San Frantzisko elizan. Agerraldiko egitaraua Fer Aurrekoetxeak moldatutako Gabon kantekin osatuko da eta Eleder Iturrietak zuzenduko duen saioan hainbat musikari eta abeslari izango dira txistulariekin batera.
Jaizaleko txistulariez gain, Felipe Zelaieta bertsolaria, metal taldea osatuko duten Iratxe Oses eta Mikel Etxebarria (tronpetak), Josu Otxotorena (tronboia) eta Koldo Izagirre (bonbardinoa) eta hari taldea osatuko duten Nagore Pastor eta Miren Eeles (biolinak), Onintza Azkarate (biola), Amaia Jaio (txeloa) eta Alex Merino (kontrabaxua) ere egongo da.
Ekitaldiko abeslariak Fernando Alsasua eta Balentin Sagastizabal tenoreak, Irene Lasa, Uxue Alonso eta Eneritz Elgezua sopranoak eta Luis María Uriarte eta Juan Carlos Aranzabal baxuak izango dira. Saioko musikarien partaidetza Alex Agirrebeitia piano jolea eta Xabier Iturriagaetxebarria perkusio jolearekin osatuko da.
Ekitaldiko egitaraua txistulariek eskainiko duten ‘Happy Christmas’ piezarekin hasiko da eta jarraian, ‘Birjiña maite’, ‘Aintzaldu aingeruak’, ‘Belenera’, ‘Dringilin dron’, ‘Gabeko izar’, ‘Gau erdian soinua’ eta ‘Zorionian Jesus’ eskainiko dituzte agertokian izango diren parte hartzaile gehienekin batera. Saioa amaitzeko ‘Horra Mari Domingi’ joko dute.