Udazkenean egingo den Euskaraldiari lotutako ‘Etxealditik Euskaraldira’ dinamika jarri da martxan egunotan Durangon eta Euskal Herria osoan. Ekimen horren harira egunero erronka edo ariketa txiki bat planteatzen da “eguneko momentu batez hizkuntza-ohiturak aldatzen saiatu eta euskaraz egiteko”, eragileen esanetan.
‘Etxealditik Euskaraldira’ dinamikaren helburua “etxealdia hizkuntza-ohituretan eragitea” da eta Kike Amonarrizek aurkezpen bideoan azaltzen duen bezala “euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea”.
Udazkenean egingo den Euskaraldiaren beroketa edo prestaketa bezala planteatutako ekimena, Euskal Herriko ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ guztiei zuzenduta dago eta bi zutabe nagusitan oinarritzen da. Alde batetik, besteekin zein hizkuntzatan hitz egiten dugunaren inguruko hausnarketa eta, bestalde, hizkuntza ohiturei astindua ematea edo, euskarazkoak badira, bere horretan finkatzea.
Hizkuntza erradiografiak
Lehenengo fasea bihar arte iraungo du eta proposatzen dena zera da,‘mintzagramak’ edo hizkuntza erradiografiakegitea. Hau da, norekin egiten dugun berba egunotan eta zein hizkuntzatan. Kanpainari ikusgarritasuna emateko helburuarekin “etxeko leiho eta balkoian koloretako puntu batzuk jartzeko” deia egin dute eragileek.
Ekimenaren bigarren fasea apirilaren 24tik 30era burutuko da. Egun bakoitzean proposamen bat egingo da euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin eta egunerokotasunean ohikoak diren egoeretan normalean euskaraz egiten ez dugun horrekin euskaraz aritzeko, eguneko tarte batean. Horren adibideak ere jarri dituzte: egun batean afaria euskaraz egitea, beste egun batean kuadrilako online poteoa euskaraz egitea, beste batean dendariari euskaraz egitea, eta abar. Eguneko proposamenak Euskaraldiko sare sozialetan zabalduko dira.
‘Etxealditik Euskaraldira’ dinamika maiatzaren 3an amaituko da. Bukaera ekitaldirako aurreko egunetan prestatutako eta sorkuntzarekin lotura duen zerbait plazaratzea eskatzen dute eragileek.