
Maiatzean hasi behar zen 2020ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, atzeratzea erabaki zuen Bizkaiko Bertsozale Elkarteko antolakuntzak Covid-19aren izurriteagatik. Hori dela eta, aurtengo edizioa irailaren 16an hasiko da eta bertan eskualdeko 14 bertsolari lehiatuko dira gehienez.
‘Udabarria bertsotan’ deituriko sailkatze saioak bi asteburutan jokatuko dira irailaren 16tik 24a bitartean. Guztira 10 saio izango dira eta bertan egongo diren 60 bertsolarien artean eskualdeko bederatzi partaide lehiatuko dira. Denak kanporaketa fasean egoteko txartelaren bila.
Lehenengo partehartzailea Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra izango da, Lekeition kantatuko baitu irailaren 16an. Hurrengo egunean arituko den Ander Aldazabal zornotzarra Busturian lehiatuko da. 18an, Irune Basagoiti ermuarra eta Bittor Altube abadiñarraren txanda izango da, lehena Markina-Xemeinen lehiatuko dela eta bigarrena Berangon.
Bigarren asteburuko lehen lehiakidea Iruri Altzerreka garaitarra izango da, bere ekitaldia irailaren 23an izango baita Berrizen. Hurrengo egunean lau partaide arituko dira kanporaketa faserako txartelaren bila; Gorka Pagonabarraga durangarrak eta Iker Galarza abadiñarrak Zallan kantatuko dute eta Eneko Barruetabeña durangarra eta Iker Apraiz atxondarra berriz, Derion lehiatuko dira.
‘Udabarria bertsotan’ sailkapen fasean egongo diren bederatzi bertsolariez gain, ondoren jokatuko diren kanporaketetan eskualdeko ordezkariak egoteko aukera izango dute. Mallabian jaio eta Zornotzan bizi den Beñat Ugartetxeak eta Txaber Altube abadiñarrak eskubide hori lortu zuten 2018ko final aurrekoetan egoteagatik.
2018ko edizioan finalistak izan ziren Miren Amuriza berriztarra, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarra eta Aitor Bizkarra abadiñarra berriz, finalaurrekoan egoteko txartela dute.