Alpino Tabira Mendi Klubak, Elorrio, Atxondo, Abadiño eta Durango lotzen dituen irteera prestatu du biharko. 17 kilometro dituen ibilbidea, Ramon Castillok eta Ibon Muruak bildu eta mendi taldeak argitaratutako ‘Ermitak bide Durangaldea bizi’ liburuan jasota dago.
Ekimen horren barne 2023an antolatutako bigarren irteera, Madalenako autobus geltokian hasiko da goizeko 8:40ean. Bizkaibuseko garraio publikoaz baliatuta, partaideek Elorriora helduko dira eta bertatik hasiko dira ibilbidea osotzen.
Lehenengo, Durango eta Elorrio lotzen zuen trenbidea ezagutzeko aukera izango da, eta ondoren Axpen dauden bi ermita eta Abadiñoko beste hiru baseliza bisitatzeko aukera egongo da. Azkenik, Durangoko Eguzkitza auzoko iturria ezagutuko dute. Ibilbideak, 460 metroko igoera eta 510 metroko jaitsiera metatuak ditu.
“Ezezagunagoak izango dira, agian, Irureko San Migeleko tontorra (non ermita bat egon omen zen) edota Abadiñoko Irazola auzoko galtzada zaharraren azken hondarrak, biak ere ibilbide honen barnean ezagutu ahal izango ditugunak”, antolatzaileen esanetan. Izan ere, ibilbidean dagoen ondareari buruzko azalpen txikiren bat edo beste emateko asmoa dute.
Irteera doakoa izan arren, komenigarria da aurretik izena ematea, martxoaren 14an eta 16an klubaren bulegoan, ohiko ordutegian, telefono, emaila edo bestelako kontaktu modu bat emanda, edota korreo bat idatzita katazka@alpino-tabira.org helbidera.