
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udaberriko fasearen zortzigarren saioa jokatuko da bihar Elorrioko Arriola Antzokian. Ekitaldi horretan ez da egongo eskualdeko ordezkaririk baina hurrengo egunean Getxon jokatuko diren bi ekitaldietan Durangaldeko eta Zornotzako hiru ordezkarik kantatuko dute.
Arriola Antzokian izango den seikotea Aitor Esteban urduliztarrak, Ander Anakabe deustuarrak, Ander Elortegi gernikarrak, Iker Uriarte bermeotarrak, Jon Arano natxituarrak eta Unai Agirre sukarrietarrak osotuko dute. Anakabe, Uriarte, Arano eta Agirre lehenengoz arituko dira Bizkaiko Txapelketan.
Saioko gaiak Xabier Sainz de la Mazak emango ditu eta epaimahaian Iñaki Aurrekoetxea, Jon Jaio eta Miriam Juaristi izango dira. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea ariko da.
Saio bikoitza Getxon
Saio bi jokatuko dira domekan Getxoko Fadura kiroldegian eta bertan eskualdeko hiru ordezkari lehiatuko dira. Goizeko saioa 12:00etan hasiko da eta bertan aurreko domekan Bizkaiko Eskolarteko Sariketa irabazi zuen Gorka Pagonabarraga durangarra izango da, Fadurako ekitaldia bere lehen agerpena izango dela Bizkaiko Txapelketan.
Foruko Eneko Aldanarentzat eta Gernika-Lumoko Ibai Amillategirentzat ere Bizkaiko Txapelketan egiten duten lehenego agerraldia izango da. Beste hiru lbertsolariak Axier Goñi bilbotarra, Josu Landeta getxotarra eta Peio Ormazabal arrigorriagarra izango dira.
Arratsaldeko 17:30ean hasiko den saioa ere Faduran jokatuko da ekitaldian Beñat Romero zornotzarra eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarra izango dira Udazkeneko faserako behar dituzten puntuen bila. Seikotea Amorotoko Garazi Navarrok, Igorreko Iñaki Iturriotzek eta Mungiako Jone Larrinagak osotuko dute.