
Elorrioko Udalak herritarren laguntzarekin prestatuko du datorren asteko barikuan egingo den San Juan sua, ospakizun hori “modu herrikoiago batean prestatzeko” asmoarekin. Horregatik, suaren prestaketak auzolanean egitea proposatu eta plangintza berezia antolatu du.
San Juan bezperako sua kiroldegiaren atzealdean egingo da eta bertan erreko diren egurrak bi txandatan jasoko dira. Alde batetik, domeka honetan, ekainaren 18an, herritarrek soberan izan ditzaketen egurrezko objektuak zakarguneetan uzteko deia egiten die Udalak. Toki horietan utzitako gauza guztiak biharamunean batuko ditu udaleko Lan-Brigadak.
Ekainaren 22an berriz, bi talde ezberdin abiatuko dira egur bila, arratsaldeko 17:00etan plazatik irtenda. Batutako egurra kiroldegi atzean utziko da, udal brigadaren laguntzarekin.
Auzolanean antolatutako ekimen honek haur eta gaztetxoen irrikari erantzun nahi dio, “umeei ez zaielako begira egotea gustatzen”, Txus Arrieta Euskara, Hezkuntza eta Gizarte arloko zinegotziaren esanetan.
Ekimen honekin iaz auzolanean egindako Zumelegi erreka garbiketaren esperientzia baikorra eta egun hartako arrakasta baliatzen du Udalak.