
Mañariko Udalak 14.810 euro inbertituko ditu frontoiko teilatuan 18 plaka fotovoltaiko jartzeko eta bertatik lortutako argindarrarekin haur-eskola, udaletxea, mediku etxea eta frontoia elektrizitatez hornituko ditu. Egitasmo horrekin “urtean 1.300 euro baino gehiago aurreztuko dira”, Ainara Otxotorena Mañariko alkatearen esanetan.
Aste batzuk barru jarriko diren plaka horretatik lortutako eguzki energia pilotaleku barruan ezarriko den sarera konektatuko da eta instalazio horretatik ahalik eta autohornidura-mailarik altuena lortu nahi dute, “modu horretan kanpoko energia-kontsumoa murrizte aldera”.
Egitasmoa gauzatzeko Goiener Taldeko Nafarkoop gizarte ekimeneko kooperatibak egindako ikerketarekin baliatu dira, eta Bikote Solar enpresak 7,2 kwp FV moduluak instalatuko ditu. Jarriko diren 18 panel fotovoltaikoek 8054kW sortzeko ahalmena dute, hornidurek kontsumitzen duten %35a hain zuzen.
Mañariko Udalak esleipen bidez eman du kontratua eta proiektua gauzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du; zehazki, udalei eta mankomunitateei klima-aldaketaren arloko jarduketetarako ematen dituen diru-laguntzetatik.
“Instalakuntza hau eginez, onurak egongo dira ingurumenean eta gizartean, murriztu egingo direlako igorpen kutsatzaileak”, Otxotorenaren arabera. Horrez gain, energia propioa sortuko da, lokalki eta modu banatuan, eta egungo esparru juridikoarekin bat egingo da.