
Elorrioko Kainabera elkartearen 20. urteurrena dela eta, bi hamarkada hauetan egindako ibilbidea erakusten duten argazki eta informazioarekin osotutako erakusketa prestatu du Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Astelehenetik aurrera Iturri Kultur Etxean ikusgai egongo den erakusketak elkartearen historiari eta bertatik bultzatutako ekimenei errepasoa egiten dio.
Iturriko erakusketa gelan jarriko den argazki bilduma horrek badu beste helburu bat Kainaberako kideen arabera, “Elorrixoko herritarrei eskerrak ematea” hain zuzen. “Izan ere, gure bidelagun izan dira norbanakoak, elkarteak, ikastetxeak… eta bidea ederragoa izaten da horrela”, elkarteko kideek adierazi dutenez.
Argazki erakusketa astelehenean irekiko da arratsaldeko 19.00etan eta bi astez egongo da ikusgai, goizeko 9.00etatik iluntzeko 21. 00etara.
Aldizkaria
Etxez etxe banatuko duten aldizkariak ere 20 urte hauetan egindako lana errepasatzen du. Bertan idatzitako lerroetan gogoratzen dutenez, Manolo Martínez marianista izan zen Kainaberaren sorrera bultzatu zuena, “bere ikasle ohiei deitu eta elorriar batzuk Kolonbiarekin harremana hasi” zutenean.
Burututako lehen kale ekintza ere gogoratzen dute aldizkarian, 1998ko jaietan egindakoa. Elkarteko kideek jantoki sinboliko bat eraiki zuten herritarren laguntzarekin, ekimenaren helburua Bogotáko El Danubio auzoko eskolarako jantoki bat egitea baitzen.
1998. urtean Mitch urakanak Erdialdeko Amerikan eragindako kaltetuak laguntzeko asmoarekin egindako ekimenak antolatu ziren, tarteko gaur egun ere Gabonetan ospatzen den Elkartasun Jaialdia.
Elkarteak beste hainbat ekimen ere bultzatu ditu; ume errusiarren egonaldiak, kulturarteko jaia edo gerraren kontrako mobilizazioak, besteak beste. Aurten, Kainaberako zeinbait kidek laguntza humanitarioa eman diote Greziako Chios irlako errefuxiatuei eta Ekuadorreko lurrikararen ondorioz kaltetutakoei.