
Hiru eta hamar urte bitarteko umeentzat prestatutako Udan Olgetan ekimena Durangon bertan burutuko da, ekainaren 27tik uztailaren 29ra arte. Udalekuak bost aste iraungo ditu baina partaideek aste bakar bat edo gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute.
‘Gozatu olgetan euskaraz berbetan’ izenburupean egingo diren udalekuen ordutegia goizeko 9.00etatitk eguerdiko 13.30ak arte izango da eta bertara doazenek egun osoko irteera bat egingo dute astean behin.
Udalekuen prezioa hilabete osoko egonaldiak balio dituen 255 eurotik, aste beteak balio duen 80 euro arten dago. Partaideek Plateruenan emango den jantoki zerbitzua ere izan dezakete, astean 37 euro gehiago ordainduta.
Finkoak eta ibiltariak
Durangotik kanpo eta adinka banatuta egingo diren lau kanpaldi ere prestatu ditu Berbarok uztailarako, LH3tik 1. Batxilergoko ikasleentzat. Talde bakoitzak hamabi edo 15 egun inguru egingo ditu eta egonaldi bakoitzaren prezioa 280 edo 295 eurokoa izango da.
Gazteenentzat prestatutakoak finkoak izango dira Mendigorria eta Beizama herrietan. Nagusienentzako antolatutakoak berriz ibiltariak izango dira; bata Bizkaiko kostaldean zehar egingo da eta bestea Nafarroatik Gipuzkoako kostaldera joango da.
Berbaroko bazkideek %10eko deskontua izango dute kasu guztietan, eta bi neba-arreba edo gehiago izateagatik %5 edo %10eko hobariak egongo dira.