Eskualdeko txistulariek urtero ospatzen duten elkarretaratzea egingo dute domeka eguerdian eta aurten ospatuko duten 65. Durangaldeko Txistulari Eguna Ziortza-Bolibarren egingo da. Izan ere, 2020ko edizioa herri horretan ospatu behar zen baina pandemiaren erruz atzeratzea erabaki zuten.
Eguneko ekitaldi nagusia 13:00etan Santo Tomas elizan eskainiko duten kontzertua izango da, agerraldirako zuzendari lanetan Eleder Iturrieta Zugadi arituko dela. Oholtzan Durangaldeko 30 txistulari eta Alex Agirrebeitia pianojolea izango dira.
Leonard Cohen-en ‘Hallelluja’, John Lennon-en ‘Happy Christmas”, Javier Hernandez Arsuagaren ‘Ainhau gabaren’, Frantzisko Laskurainen ‘Eguberriko zortzikoa’, Bartolome Ertzillaren ‘Mesias sarritan’, Lorenzo Ondarraren ‘Aingeruetazko soinua’ eta Luis Urteagaren ‘Alborada navideña’ izango dira saio horretarako aukeratu dituzten abestiak. Kontzertua borobiltzeko ‘Belenen sortu zaigu’, ‘Oi Betleem’ eta ‘Hator hator’ piezak eskainiko dituzte.