
Bizkargi mendi tontorrean izandako borrokaldien 80. urteurrena gogoratuko dute bihar eta domekan egingo den ‘Bizkargi Eguna 2017’ ekimenarekin. Zornotzako Bizkargi Gogoratuz Elkarteak antolatutako orimen egunak, eusko gudariek tropa frankistei aurre egin zietela, mendia behin eta berriro galdu eta berreskuratu zutela eta bertan ehundik gora hildako izan zirela gogoratu du.
Bizkargi Eguna, oroimena, justizia eta egia aldarrikatzeko topagune bilakatu da eta “berriro ere sufrimendua ez errepikatzeko” helburua aitortu dute antolatzaileek. Gainera, Frankismo aurretik nahiz Frankismo ostetik mendi tontor horretan gertatutakoaz gain, bertan bizia galdu zuten eusko gudariak gogoratuko dituzte.
80. urteurrena dela eta, indartu egin dituzte prestatutako oroimen ekitaldiak. Hori dela eta egitaraua bihar abiatuko da, Santikurtze Egunez, txistulariek jarriko duten lagunarteko giroarekin. Ekitaldi nagusiak, hala ere, domekan izango dira, goizeko 11:00etatik aurrera, Bizkargiko tontorrean egongo den musika eta animazioarekin.
Memoriaren ekitaldia 12:30ean hasiko da eta adarra, txalaparta eta txistularien saioen ondoren Memoriari buruzko berbaldia egongo da. Ondoren, Etxanoko Nagusiak txuzoa sartuko du eta bertsolarien eta Enetara bikotearen saioak egongo dira. Jarraian, Koldo Etxebarria aita-seme trikitilariek girotutako erromeria hasiko da.
Bizkargitik jaitsi ondoren
Antolatzaileek 1988ra arteko ohitura berreskuratuko du aurten eta Bizkargitik jaitsi ondoren, Zornotzan jarraituko dute oroimen ekitaldiak. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera ‘1937ko maiatza oroituz’ ekimena burutuko da Zelaieta parkean eta ondoren, Oxabi taldeak kontzertua eskainiko du.
Bestalde, Bizkargi Gogoratuz Elkarteak Gure Esku Dago ekimenak antolatutako herri-galdeketa parte hartzeko deia egin du. Izan ere, “iragan hurbilean pairatu ditugun gerrak, sarraskiak eta indarkeria ekintzak” berriro ez gertatzeko aldarrikapena egiteaz gain, ezinbestekotzat jotzen dute “demokrazian sakontzea” eta horretarako “herritarren borondatean oinarritutako gizartea eraiki behar dela” azpimarratu dute.