Ekitaldi ugari prestatu dira eskualdeko herrietan barikuan hasi eta abenduaren 3a bitartean ‘Hitzez ekiteko garaia’ goiburuarekin ospatuko den Euskaraldiaren hirugarren edizioaren inguruan. Durangon, Zornotzan, Elorrion eta Euskal Herriko hainbat herritan gaur bertan egingo den txapa-janztearekin abiatuko dira ekimenak.
‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ rolak adierazten duten txapak jartzeko ekitaldiak, eta bertaratzen diren herritarrak girotzeko amoarekin, egitarau osagarriak prestatu dira. Eskualdeko hiru herrietako hitzorduak, iluntzeko 19:00etan jarri dute.
Durangon egingo duten elkarretaratzea Ezkurdi plazan izango da, eta txapa-janzte kolektiboa egin ostean, herri argazkia aterako dute.
Andoni Ollokiegiren saioa Zornotzan
Zornotzan, Euskaraldian izena emateko mahaia jarriko dute 19:00etan Euskal Herria plazan (Pike parkean), eta ordu erdi beranduago txapa-janzte bateratua egin ondoren, argazki erraldoia aterako dute. Jarraian, Andoni Ollokiegi musikariaren kantaldia izango da.
Zornotzan prestatutako egitarauak jarraipena izango du abenduaren 3a arte. Bihar bertan, edizio honetan parte hartzeko deia egingo zaie herritarrei Udaletxeko plazatik, 19:00etan, adarrak eta txalapartak lagunduta. Ostean, Gorka Pagonabarraga eta Ander Aldazabal bertsolarien emanaldia, sagardo eta txistorra dastaketa eta Soinutxikiek lagundutako triki-poteoa egingo dituzte.
Zapatuan, 10:00etan, Zelaietako iturritik abiatuta eta Zornotzako Mendi Taldearekin batera, Lemoatx mendira igo eta argazkia egingo dute tontorrean. Domekan, berriz, disko-festa izango da Zelaietako karpan arratsaldeko 18:00etatik aurrera, DJ Kaktusek eskainiko duen ‘Euskaraz dantzatu nahi dogu’ ikuskizunarekin.
Astelehenean, Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK txapelketaren finalaurrekoa jokatuko dute Zelaietako kontzertu gelan Lea Artibai eta Uribe Kostako gazteek, 18:00etan hasita. Eguaztenean, 19:00etatik aurrera, futbolari eta euskarari buruzko mahai-ingurua izango da Zornotza Aretoan, Xabi Etxeita, Athleticeko nesken taldeko bi jokalari, Lutxi Real, Sarai Ugarte eta Irati Lejarragaren partaidetzarekin.
Elorrion, Fanfarrixoren ekitaldia
Elorrion, ‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ rola aukeratzeko edo Euskaraldian zelan jokatu behar den zalantzak argitzeko ikastaroarekin hasi zituzten edizio honetako ekimenak.
Gaur, berriz, txapa jartze kolektiboa egingo dute Herriko plazan, eta ‘Eman txapa euskaraz’ goiburuko elkarretaratzera herritar guztiak daude gonbidatuta. Saioa, Fanfarrixo txarangak girotuko du.