
‘Argi´ filmaren lehenengo emanaldia izango da bihar Elorrioko Arriola Antzokian. Filmaketa, muntaketa, ekoizpena eta gainontzeko eginbehar guztiak amaitu eta gero, pantailan ikusteko garaia heldu da.
Pelikulari izena ematen dion pertsonaia eta bere bizitzako une desberdinetan bizi dituen egoerak dira argumentuaren ardatz nagusiak. Argi pertsona desberdina da eta ez du zerikusik bere adineko lagunekin, baina herri txiki baten bizi da eta horrek bere bizimodua zailagoa egiten du. Bizi duen egoera jasanezina bilakatuko zaio eta Parisera egingo du ihes, bere zoriontasuna bilatzeko asmoarekin.
June eta Sabina
Frankismo garaian kokatutako pelikula honetako protagonista nagusia eta ardatza Argi bada ere, filmari izena ematen dion pertsonaia ez du gorpuzten antzezle bakar batek. Izan ere, Iratxe Mediavillaren pelikulan June Gómez eta Sabina Aizpuruk antzezten dute Argiren haurtzaroa eta nerabezaroa.
Pelikularen filmaketa iazko udan hasi zen Elorrioko hainbat kokagunetan eta Gómez eta Aizpururekin batera, eskualdeko beste hainbat antzezle ezagun aritu dira, Loli Astoreka, Felix Arkarazo eta Eneko Sagardoy tarteko. Aktore nagusien zerrenda Yannick Vergara, Asier Hormaza, Soraya Peña, Naia Astarloa eta Guillermo Serranok osatzen dute.
Lehen emanaldia bihar, gaueko hamarretan izango da, eta domekan eta astelehenean izango diren saiok iluntzeko zortzietan hasiko dira. Hiru emanaldiak euskaraz izango dira. Laugarren saio bat izango da eguaztenean, hau ere zortzietan, baina egun horretan gaztelaniaz emango da.