
Joera eta estilo desberdineko hiru ikuskizunekin gozatzeko aukera egongo da Elorrioko Musikaire jaialdian gaurtik domekara bitartean. Gaurko ekitaldian bertsolaritza eta flamenkoa uztartuko baitira, soul doinuak nagusituko dira bihar eta zirkoa eta umoreak bat egingo dute domekan.
Saioak irekiko dituen ‘Gorria’ ikuskizuneko protagonistak Miren Amuriza bertsolari berriztarra eta Askoa Etxebarrieta flamenko dantzaria izango dira. Artista bien arteko elkarrizketa artistikoan, biek duten ezaugarria jarriko dute agerian, bat-batekotasuna hain zuzen, eta kolore gorriaren sinbologia izango dute ardatz.
Lidia Insausti (ahotsa), Paul San Martin (teklatuak), Hilario Rodeiro (bateria) eta Mikel Makala (baxua) elkartzen dituen Arima Soul taldearen txanda izango da bihar. Laukoteak soul musikari XXI. mendean egindako begirada bat gerturatuko dute, jazz kutsuko neo-soula eta, nagusiki, euskaraz abestua.
San Rokeko agertokian gaueko 22:30ean hasiko badira saio biak, Ganso & Cía. konpainiak domekan antzeztuko duen ‘Panoli Kabareta’ren ekitaldia 19:30an abiatuko da. Gorka Ganso eta Cecilia Paganini antzezleak gorpuzten dituzten pertsonaiak artista izan nahi zuten eta horretarako autolaguntza liburu bat irakurri zuten. Eta esperientziarik izan ez arren, beraien buruengan konfiantza izatea erabaki zuten.