
Eskola-jantokiak erregulatzen dituen araudia behin eta berriro aldatzeko eskakizunari inongo erantzunik ez dagoela eta, aldarrikapen hori bultzatuko duen jaia antolatu du ‘Berton bertokoa’ ekimenak. Hitzordua ekainaren 10erako jarri dute, Abadiñoko Zelaietan, eta antolatzaileek goizez eta arratsaldez gauzatuko diren ekitaldiak prestatu dituzte.
Egun horretarako egitarauan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen agerraldia, DJ Bull-en saioa, jolas kooperatiboak, puzgarriak, tailerrak, pintxo lehiaketa, ikuskizunak eta herri bazkaria izango dira, besteak beste.
‘Berton bertokoa’ ekimenaren inguruan biltzen diren Durangaldeko bederatzi eskola publikoetako guraso elkarteak “jantokiak erregulatzen dituen araudia aldatzea” aldarrikatuko dute Abadiñoko jaiarekin, Gorka Kortabarria eta Atxarte Agirre bozeramaileen esanetan. Izan ere, 2015-2016 ikasturtearen hasieran abiatutako ekimen horren oinarria, “eskoletako jantokietan ematen den janariaren kalitateak” gurasoengan eragiten duen kezka dago.
Gainera, “datorren ikasturtetik aurrera Durangaldeko eskoletan bertoko eta sasoiko produktuak eskaintzen hasteko garaia dela” gogorarazi nahi diete erakundeei eta helburu hori lortzeko “egin dezatela euren esku dagoen guztia” eskatzen diete.
17 urte
‘Berton bertokoa’ ekimeneko gurasoen esanetan “17 urte izango dira aurten jantokiak erregulatzen duten arautegia onartu zenetik”, eta urte hauetan “jangelen kalitatea asko jaitsi da, katering enpresen bitartez ematen den zerbitzuarekin”.
Gurasoek hainbat aldiz eskatu diote Eusko Legebiltzarri gaia aztertzeko eta hasieran proposamena onartu eta “gurekin batzartzeko prest agertu baziren ere, oraindik ez da inolako bilerarik egin”, Kortabarriaren esanetan. Hezkuntza sailak, gainera, lauzpabost eskoletan jarri ditu martxan eskolak kudeatutako jantokiak baina “froga pilotua bezala egiten ari da eta horretarako jantokiko eta garraioaren beketako dirua erabiltzen da”.
Durangoko Zabalarra eta Landako, Iurretako Maiztegi, Abadiñoko Traña-Matiena eta Zelaieta eta Atxondo, Elorrio, Berriz eta Zaldibarko guraso, guraso elkarte eta eskola kontseiluak biltzen dituen ‘Berton bertokoa’ ekimenak «bertokoak eta sasoiko produktuak bertako jantokietan kozinatzea» eskatzen dute. Horrela jarduteak eragin zuzena izango luke “umeen osasunean, bertoko ekoizleengan, inguruko ekonomian, ikasleen hezkuntzan edo inguruko kutsaduran, besteak beste”.
‘Berton bertokoa’k egindako deialdiarekin bat egin dute EHIGE eta BIGE gurasoen elkarteek, sare publikoko ikastetxeak batzen dituen Sortzen erakundeak eta eskola-jantokien eredua aldatzea eskatzen duen Gure platera gure aukera ekimenak.
Pingback: Ekainak 10eko Jaialdiaren aurkezkena – Berton Bertokoa
Udalbatzak auzo taxia garestitu gaztientzako..hori bakarrik egiten dau
Eta udalbatzak ez dau ezer egin bier??