Berrizko udalerriko euskalkiari eta antzinako ohiturei eta bizimoduari hedapena emateko hitzarmena sinatu dute Berrizko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak. Urtebeteko iraupena izango duen akordioaren bidez, udaletxean jasota dauden grabazioak prestatu, sailkatu eta www.ahotsak.eus web orrira igoko dituzte.
Hitzarmenaren bidez Berrizko udaletxean bildutako audioak eta bideoak ‘Euskal Herriko Ahotsak’ proiektura gehituko dira. Bertan, herriko hainbat hiztunei egindako elkarrizketak tartekatzen dira, eta solasaldiak aztertu ostean, gaika sailkatutako audio edo bideo-pasarteetako zatirik interesgarrienak sareratuko dira.
Elkarrizketak herriko zenbait bizilagunei 2006-2007 urteetan egindakoak dira eta www.ahotsak.eus webguneko ‘Antxinako Berriz. Bizimodua eta ohiturak’ atalean izango dira eskuragarri. Herriko hizkerarekin batera, antzinako ohiturak, bizimodua, lanbide zaharrak, sinesmenak eta bestelako gaiak jorratzen dira solasaldietan.
Ekimen honetarako 25 grabazio berreskuratu eta katalogatu dira eta material horri Berriz 1936 Gogoratzen Elkarteak utzitako materiala gehituko diote.
‘Euskal Herriko Ahotsak’ proiektuarekin, XX. mendeko bizimoduaren ahozko artxibo bat herritar guztien eskura jarri nahi da, online eta doan.