Garaiko Udalak aurkeztu berri duen toponimia mapa berriak 515 leku-izen jaso ditu, egindako lanaren bidez, guztira, 2.860 leku-izen bildu badira ere. Izan ere, aurretik egindako ikerketak “bi zati izan ditu: idatzitako testigantzak aztertzea eta arakatzea eta, herritarren parte hartzearen bidez, ahozko lekukotzak jasotzea”, Udal arduradunen esanetan.
Bildutako ia 3.000 toponimoen artean, hainbat errepikatuta ageri dira, zenbaitetan, urteen puruz idazkera desberdinez azaltzen baitira. Edozein gisaz, lekukotza guztiak jaso eta Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzaren datu baseetan jaso dira. Hala ere, jasotako toponimo guztiak mapan azaltzea ezinezkoa denez, 515 esanguratsuenak aukeratu dituzte.
Idatzizko testigantzak, 1704, 1745 eta 1796 urteetako ‘fogerazio’etatik, 1825eko Polizia Erroldatik eta Durangoko Jabetza Erregistrotik (1863-1955) bildu zituzten. Horren ondorioz, etxe eta etxeen lurrak jasotzen dituen artxibotik 370 izen jaso zituzten. Era berean, basoetako udal dokumentazioa aztertu ostean, beste 363 leku-, etxe- eta soro-izen jaso zituzten. Bestelako iturrietatik 1.433 lekukotza jaso dira.
Idazkera egokia
Ondoren, ahozko bilketa gauzatu zuten eta ikerketa horren bidez, beste 724 izen bildu eta kokatu ziren mapetan. Geroago, Euskaltzaindiaren laguntzaz, izenen idazkera egokia ezarri zen. “Kontu horrek garrantzi dauka, ahozkotik idatzira jauzi egin behar delako eta idazkera zaintzea garrantzitsua delako”, Garaiko udal arduradunen arabera.
Mapa berrian aldaketa gutxi batzuk egin dira, Deustuko Unibertsitateko Deiker institutuak Euskaltzaindiaren laguntzarekin 2008. urtean argitara emandako etxe izenekin alderatuta. Oraingoan, gehitu diren beste 278 izen arautu behar izan ditu Euskaltzaindiak.
Ikerketa berriaren ondorioz, Aldatza, Aranerreketa, Arroitabeiti edo Tromoite deiturikoak, Aldats, Arnagaerreketa, Arroitabeitia eta Tromoita izena hartu dute hurrenez hurren. Agiño, Arluzeaga, Illuntzar, Mallubitza eta Otatzagarai leku-izenak berriz, Agimiño, Arluziaga, Ilunzar, Mallabitza eta Otazagarai deitzen dira.
Udalak herriko mapa toponimokoa egitea erabaki zuenean, bi helburu bete nahi izan zituen: “herriko ondarea biltzea eta herriko zein kanpoko jendearentzat lagungarria den tresna bat eskaintzea”. Gainera, herriko nagusiak omendu nahi zituen beraien “aho-ezpainetatik jasotako ondarea balioan jarriz”.