Zornotzako Andra Mari Ikastolako Haur Hezkuntzako umeek Loraldia Eskolaren ekimenean sortutako artelanak jarriko dituzte ikusgai Zelaieta Zentroko erakusteta aretoan urtarrilaren 30era arte.
Ttipia deituriko proiektua gauzatzeko Eider Euba ilustratzailea, Ainhoa Ortells margolaria, Elena Mendizabal eskultorea eta Eriz Moreno argazkilariaren adierazpen artistikoan oinarritu dira umeak. Ekimena burutzeko esperimentazioa, jolasa eta sormena uztartu dituzte eta “artelan ikusgarriz osatutako erakusketa bat osatu dugu” egitasmoaz arduratu diren Loraldia Elkarteko kideen esanetan.
Egitasmo honen bidez, ekimenean parte hartu duten haurrek, “sentipenak adierazteko kulturak betetzen duen paperaz ohartu dira, baita erakargarritasun kulturalaren indarraz jabetu ere”. Gainera, erakusketara gerturatzen direnei umeek egindako bideari eusteko eskaria egiten zaie “kultura gure bizitzen erdigunean jarri eta bizi” dezaten.
Loraldia Elkarteak bultzatutako Loraldia Eskola eta Ttipia Proiektua, kultura bizitzaren erdiguneak kokatzeaz gain, beharrezkoa den transmisioa du helburu nagusietako bat. Izan ere, erakunde horrek udaberrian Bilbon egiten den festibalaren antolaketaz arduratzen da.