Durangoko Landako Guneak 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehen itzuliaren azken saio hartuko du bihar, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Agertokira igoko diren sei bertsolarien artean Aitor Bizkarra egongo da, lehiaketaren fase honetaraino heldu den eskualdeko bertsolari bakarra.
Bizkarrarekin batera Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza izango dira. Gai-emaile lanak Ane Ezenarrok egingo ditu.
Bizkarrak irabazi zuen urriaren 9an Lizarran jokatutako lehen faseko saioa, eta garaipen horrek Durangoko finalaurrekoan egoteko eskubidea eman zion. Fase horretan Miren Amuriza berriztarra eta Gorka Pagonabarraga durangarra ere lehiatu ziren, baina Arrasaten jokatutako jardunaldian ez zuten finalerdietarako txartela lortu.
Bertsolari abadiñarrak bi aukera ditu finalaurrekoetako bigarren itzulira sailkatzeko: Durangoko saioa irabaztea edo lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolarien artean ez egotea.
Durangoko saiorako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta larunbatean bertan, Landakoko txarteldegian, 15:00etataik aurrera.