
Ainara Otxotorena Iriarte aukeratu du alkategai Mañariko EH Bilduk, maiatzaren 26an izango diren Udal hauteskundeetarako. Urtarrilean egindako barne prozesu parte hartzailean hautagai bakarra izan zen Otxotorena eta alkatetza lortuz gero, egun alkatea den Endika Jaio taldekidea ordezkatuko luke.
Otxotorenak 34 urte ditu, Magisteritzan Haur Hezkuntzako espezialitatea egina du eta 2010etik Mañariko haurreskolan hezitzaile eta koordinatzaile lanetan dihardu. Zerrendaburua izatea ardura handiko erronka bada ere, Mañariko EH Bilduko komunitateak emaniko babesak bultzatuta hartu du erabakia.
Gainera, “gogotsu eta konpromiso guztiarekin lan egiteko ardura hartzeko prest agertu da, hurrengo lau urteetan herritarren parte-hartzea sustatuz eta kontuan hartuz lan egiteko asmoa azaldu du”, Mañariko EH Bildutik adierazi dutenez.
Otxotorenaren aukeraketa urtarrilaren 14tik 27ra bitartean egindako barneko prozesu parte-hartzailean burutu zen. Hauteskunde batzordeak proposamena egin ondoren, bere burua prest agertu zuen alkategai izateko, araudiak ezartzen dituen beharrezko abalekin eta komunitate osoaren babesarekin.
Mañariko Udalerako zerrenda osatzeko gainerako hautagaiak martxoan aukeratuko dituzte. Alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena ematea, https://elkarrekin.ehbildu.eus web orrian.