
Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Gorka Pagonabarraga eskualdeko bertsolariek saio txukunak eskaini zituzten atzo Getxoko Faduran jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udabarriko fasean. Iurretarak arratsaldeko saioa irabazi zuen eta durangarra bigarrena izan zen goizeko ekitaldian.
Eskualdeko bi bertsolari izan ziren arratsaldeko saioan. Ekitaldiko irabazlea ‘Abarkas’ iurretarra izan zen 175 puntu bildu ostean eta Beñat Romero zornotzarra txandako seigarren sailkatu zen 144 punturekin.
Goizeko ekitaldian berriz, Gorka Pagonabarraga izan zen eskualdeko parte-hartzaile bakarra. Aurreko asteburuan Bizkaiko Eskolartekoa irabazita gerturatu zen Fadurara. Lan txukuna egin ondoren bigarren sailkatu zen 167 punturekin, ekitaldiko irabazlea izan zen Peio Ormazabal baino hiru gutxiago, hain zuzen.
Bezperan Elorrioko Arriola Antzokian jokatutako saioan, Ander Elortegi gernikarra gailendu zen 178 punturekin.
Hamar saio jokatu ondoren, hiru ekitaldi falta dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko faseari amaiera emateko eta eskualdeko bertsolariek sailkapenaren goialdean daude. Behin behineko liderra Aitor Bizkarra abadiñarra da, 196,5 punturekin; Txaber Altube herrikidea dago hirugarren postuan, 185,5 punturekin, eta Faduran lortutako 175 puntuekin behin-behineko sailkapeneko zazpigarren postuak jarri da ‘Abarkas’.