Abadiñoko Zelaieta eskolako jolastokiaren eraberritzea “uda hasieran” hastea eskatu dio EH Bilduk Udalari. Eskari horrekin, “ikasturtean zehar ahalik eta eragin gutxien” izateaz gain, 87.000 euroko dirulaguntza lortuko zuelako.
Aurreikusitako lanak hiru hilabeteko iraupena izango dutenez, “logikoena uda sasoian egitea da”, kontuan izanda “hezkuntza eremu batean” egin behar direla.
Jolastokia eraberritzearen diseinua hezkuntza komunitateak abiatu zuen, eta lanketa luze baten ondoren proiektua garatzeko hainbat puntu zehaztu ziren. Irisgarritasuna hobetzeko helburua duen ekimena gauzatzeko, Udalak 175.000 euroko diru partida sortu beharko luke.
Hala ere, Gobernu Taldeak atzera bota zuen EH Bilduk Udal Aurrekontuei egindako emendakina. Eskari horretan “diru partida bat proposatu genuen jolastokia eraberritzeko”, koalizio subiranistaren esanetan.
Egin behar diren lanak “epeetan zehaztasunez” burutzeaz gain, kontuan izan behar da, EH Bilduren ustez, “abenduaren 31a baino lehen bukatuta egon behar dutela”. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ‘jolastoki inklusiboak’ egiteko ematen dituen dirulaguntzak eskuratzeko, beharrezkoa da proiektua urtea amaitu baino lehen gauzatzea.
Gainera, EH Bildurentzat, kontuan hartzekoa da 2022ko aurrekontuaren likidazioa “egunotan bukatuta” egongo dela, “eta borondate politikoa izanez gero, garaiz gaude, jolastokiko lanak udan egin ahal izateko”.