Banner en desktop Banner en moviles
Maristak Durango
Mañariko Udala
Amorebieta-Etxanoko Udala
San Agustin Durango

Durangoko bonbardaketa jasan zuen Juan Uribe Martxoaren 31ko oroimen ekitaldian egongo da

Martxoaren 31n Durangok jasan zuen bonbardaketaren 86. urteurrena gogoratzeko ekitaldia prestatu du Gerediaga elkarteak barikurako, eta oroimenen sarraskiaren biktima eta lekukoa izan zen Juan Uribe Alberdi izango da. Oroitzapen-ekitaldia Andra Mariko elizpean egingo da arratsaldeko 19:30etatik aurrera.

Kattalin Garaita Zurikarai kazetariak egingo du aurkezpena eta Kriskitin Dantza Taldeak eta Bogoroditsie abesbatzak parte hartuko dute. Gainera, literatur irakurketa laburra ere izango da, Leire Mendiburu Garaiarren eskutik.

Ekitaldian egongo den Juan Uribek 96 urte ditu, eta Durango bonbardatu zutenean 10 urte zituen. San Roke auzoko Bustintza baserrian bizi zen, amama, guraso, osaba bat eta bere hiru neba-arrebekin, baina sarraskia egin zuten unean, aita Ignaciori laguntzen zebilen gaur egin Ertzain-etxea den ‘Kornelioren txaletean’.

Handik ikusi zituen ‘aeroplanoak’ pasatzen eta bonbak jaurtitzen, eta hasieran ez zen jabetu zer ziren, baina gero aitarekin babesa aurkitu zuen gertu. Eurak ez ziren zauritu, eta bonbardaketa baretu zenean aitak etxera bidali zuen. Durango zeharkatu zuenean hondamendiaren alderik gordinena ikusi zuen.

Hurrengo egunetan amamaren etxera joan ziren, Iurretako Oromiño auzora; handik Karrantzara, eta geroago Torrelavegara alde egin zuten.

Juan Uriberen testigantzaren pasarte bat esteka honetan ikusi daiteke. Ikus-entzunezko hori, eta bonbardaketa bizi izan zuten beste hainbat durangarren lekukotzak, Durango 1936 Kultur Elkarteak jaso ditu 2007a urtetik, eta bere webgunean jarriko ditu ikusgai laster.

Bisita gidatuak

Astean zehar, Durangoko sei ikastetxeetako 450 ikasleri zuzendutako bisita gidatuak kudeatuko ditu Gerediaga Elkarteak. LH5, LH6, DBH4 eta 2. Batxilergoko ikasleek bonbardaketa ezagutzeko aukera izango dute ‘Aztarnak’ ibilbidea egiten duten bitartean.

Ibilbide berdina egiteko aukera egongo da, doan, larunbatean ere. Goizean, gazteleraz eta euskaraz ordu t’erdiko bi saio izango dira. Ibilbidea egiteko, dena dela, aurrez izena eman behar da Gerediaga Elkartean, emailez gerediaga@gerediaga.eus helbidean edota telefonoz 946 818 066 zenbakira deituta.

Omenaldia bihar

Durangoko Udalak, oroimen ekitaldi horrekin bat egiteaz gain, bonbardaketetan erail eta ondoren hobi komunetan lurperatutakoak omenduko ditu bihar, 18:00etan hasita, hilerrian.

Ekitaldira, azken urteetan Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek, herriko ikertzaileekin elkarlanean, identifikatutako biktimen senideak gonbidatu dituzte. Gonbidapena durangar guztiei zein Elorrio, Otxandio eta Gernikako alkateei luzatu diete.

Erika Lagoma idazleak aurkeztuko duen omenaldian soka laukote bat arituko da, eta orain arte identifikatuta dauden 80 biktimen izen abizenak jasotzen dituen plaka bat jarriko da oroimen gunearen alboan.

Jesus Jauregi artista bizkaitarrak kanposantuan landutako espazio berriak, duela 86 urteko bonbardaketa faxista hartan ahanzturan geratutako dozenaka pertsonen memoria aldarrikatzea du helburu.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados