Iurretaren lehen aipamen historikoaren 950 urteurrena betezen dela eta, hitzaldiak, bisita gidatuak eta bestelako ekitaldiak egingo dira abuztuaren 25etik irailaren 7ra bitartean. Ospakizuna oroitzeko ekitaldiak, propio sortutako batzorde herrikoiak antolatu ditu, elizateko udala, Gerediaga eta Anderebide Elkarteen laguntzarekin.
Gertakizun historiko hori eta “garai hartako Iurreta eta Iurretarren bizitza” ezagutzera emateko helburuarekin prestatutako egitaraua, 25ean egingo diren ‘bezperak’ekin abiatuko da. 19.00etan, kanpai hotsez lagundurik, Iurretako elizpean, 2015an jarritako herriko mahaiaren aldamenean, gertakizuna gogoratuko duen plaka bat jarriko da. Ondoren, kalejira egongo da Iurretako kale eta tabernetan zehar.
Abuztuaren 26an eguerdiko 12:00etan Amatzako San Martin baselizan ospatutako mezarekin gogoratuko da 950. urteurrena. Ondoren, zenbait ekintza burutuko dira ermitaren inguruan.
Hitzaldiak
Abuztuaren 31n eta irailaren 7an egongo diren hitzaldiekin jarraituko du egitarauak. Lehenengoa, Goiuria Kultur Gunean izango da eta bertan mintzatuko den Armando Llamosas Rubiok, Eusko Jaurlaritzako Kultur Saileko arkeologoa, 1072.eko Iurreta izango du hizpide.
Bigarrena, Ibarretxe Kultur Etxean izango da eta ekitaldian izango den Juan Manuel Gonzalez Cembellinek, Bilboko Elizbarrutiko Museoaren zuzendaria, Erdiaroko elikadurari buruz egingo du berba. Hitzaldi ondoren aipatutako elikagai batzuek dastatzeko aukera izango da.
Hitzaldien osagarri gisa, bisita gidatu bi antolatu dira. Irailaren 3an Iurretaren Erdiaroko iragana erakutsiko duena Amatza, Goiuria, Arandiako Santa Apolonia eta Iurretako parrokia bisitatuz. Toki hauetan partaideak tokiaren iragana eta berezitasunei buruzko informazioa jasoko dute. Bisita 23 pertsonako autobus txiki baten burutuko da eta aurretik izena eman beharra dago 616.49.05.06 telefonora deituz.
Bigarren ibilbidea irailaren 4an Kogollako San Milanera izango da. Monastegi honi eman zion Sancho IV, Nafarroako erregeak, Durangerriko Kondeak eta Bizkaiko Jaunek ziren Iñigo Lopez “Ezkerrak” eta Toda Fortunez Ortiz de Aulestia bere emaztearen oniritziarekin Iurretako San Martineko monastegia 1072an. Bidaiariak dohaintza dokumentua gordetzen duen “Becerro Galicano” kodizea ikusteko aukera izango dute. Partaideek aurretik izena eman beharra dute 616.49.05.06 telefonora deituz eta bakoitzak 20 euro ordaindu beharko dute.
Gertakizun hau etorkizunean oroitzeko, zenbait idazle eta ikerlari ezagunek, idatziko lanak bilduko duen aldizkari bat argitaratuko da. Aldizkaria irailaren7ko hitzaldi ostean aurkeztuko da.