Zornotzarrei josi berri dituzten arropak janzteko edo armairuan dituzten mozorroak ateratzeko ordua iritsi zaie, aurtengo Inauteriak hemen daudelako. Amorebieta-Etxanoko Udalak musikaz, animazioaz eta bestelako ekitaldiekin betetako egitaraua prestatu du.
Datorren asteko barikuan hasiko diren ospakizunak, Perubelen etorrerarekin abiatuko dira. 17:00etatik aurrera Inauterietako maskotaren esku lan tailerrak egongo dira Ludotekan, eta 19:00etan egun hauetako pertsonaia nagusiaren kalejira egongo da Zelaietatik Zubiondora, Udazken taldeko gaiteroek lagunduta.
Ondoren, sagardoa eta txorizoa dastatzeko aukera egongo da Zubiondoko karpan eta eguna borobiltzeko Gora Herria taldeak girotuko du erromeria.
Zornotza Aretoan berriz, ‘Urteak bete, abenturak bizi!’ ikuskizuna eskainiko dute Porrotx eta Marimotots pailazoek 17:15 eta 19:15ean.
Musika eta dantza izango dira hurrengo eguneko protagonistak. 12:30ean Inauteri dantzekin osatutako ekitaldia egongo da Herriko plazan, Udabarri dantza taldearen eskutik. 18:30ean Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek emanaldia eskainiko dute Zubiondoko karpan; Triki Piu Pand taldea kalez-kale ibiliko da eta 20:00etatik aurrera Dj Party&Tizaren saioa egongo da Zubiondon.
Martitzen Karnabaleko egitaraua 17:00etan Ludotekan egingo den Photocall Polaroidekin eta Instagram mozorro lehiaketarekin hasiko da. Ordu berean, Dj Txurruk musikaz girotuko du Zubondoko karpa, eta 19:00etan Zubiondotik Zelaieta parkera egingo den Perubelen agurrean Udazken taldeko gaiteroak eta Zinbulu dantza bertikal taldea arituko dira.