Zornotzako Musika Bandak gaur, iluntzeko zortzietan hasita emango du Zornotza Aretoan, hasieran abenduaren 18rako iragarrita zuen denboraldiko bigarren kontzertua. ‘Bidaia hemen eta orain’ izenburua duen ekitaldiak munduan zeharreko txangoa proposatzen du.
Aritz Labradorren zuzendaritzapean, Afrika zeharreko bisitaldia egiteaz gain, bandako musikariek geldialdiak egingo dituzte Shangain edo Parisen edo Greziara hurreratzeko aukera eskainiko dute. Bidaiaren amaiera etxean bertan izango da, Gabon giroa partekatuz.
Gaurko ekitaldiaz gain, Zornotzako Musika Bandak beste lau kontzertu emateko asmoa du uda aurretik. Hurrengo saioa otsailaren 19an izango da eta ‘Euskal Herritik Bidaia’ izenburuarekin eskainiko duen kontzertuan Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak izango ditu taldekide.
Apirilaren 9rako iragarritako saioan Oreka Reed Quinteten partaidetza izango du ‘Bidaia barne-mundura’ programa lantzeko; ekainaren 18an Zubiaur Musika Eskolako ikasleekin batera ‘Bidaia musikaren barrenean’ deituriko kontzertua emango du eta uztailean emango duen denboraldiko azken saioan ‘Zornotzatik Zornotzara’ egitaraua eskainiko du.