14,2 eta 24,5 kilometroko bi ibilbide proposatzen ditu Iurretako Zaldai Mendi Taldeak, irailaren 25ean egingo den XI. Mendi Martxarako. Partaideek izena eman behar dute aldez aurretik edo egunean bertan eta lehengo 700ek kamiseta bat jasoko dute.
Ibilbide laburrak 620metroko gainbehera positiboa izango du, eta antolatzaileen esanetan “Mugarraren magaletik pasatzen den ibilbilbide erraza” da, “sailtasun teknikorik gabekoa eta ume zein helduentzako aproposa”.
Aukera hau baliatzen dutenak Iurretako plazatik abiatuko dira eta Bitaño, Neberondo, Santa Lutzi, Katazka eta Murugana zeharkatuko dituzte eta Landaederra eta Santa Apoloniatik igaro ostean Iurretako plazara itzuliko dira.
24,5 kilometroko ibilbidea
Ibilbide luzeak 1600metroko gainbehera positiboa izango du eta “Mugarraren magaletik abiatuta, Aramotz mendilerrotik igaroko da tartean Artatzagane (996m) eta Leungane (1006m) mendiak igoaz”, antolatzaileek zehaztu dutenez.
24,5 kilometroko ibilbide hau aukeratzen dutenek ere Iurretako plazatik abiatuko dira eta ibilbide laburreko Katazkarainoko bidea egin ondoren Mugarrikolanda, Artatzagane (996m), Leungane (1006m), Inungane, Aramotzetik mendi zeharkaldia, Aizkorri (812m), Marmol, Katazka, Murugana, Landaederra eta Santa Apolonia zeharkatuko dituzte abiapuntura itzuli aurretik.
Kamisetak opari
Martxa hasi aurretik kafea eta pastak hartzeko aukera egongo da eta ibilbidean zehar hornidura gune solido eta likidoa egongo dira Inungane eta Katazkan. Amaiera puntuan, luntxa eta dutxatzeko aukera egongo da.
Mendi Martxan parte hartzeko, 14 urtetik gorakoek beharrezkoa dute izena ematea www.kirolprobak.com web orrian eta 10 euro ordaindu. Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, martxaren irteera baino ordu bat lehenagotik Aurrera eta 15 euro ordaindu. 14 urtera artekoek 5 euro ordaindu beharko dute martxa laburra egiteko.
Izena ematen duten lehen 700 parte hartzaileek kamiseta bat jasoko dute eta neurriko kamiseta ziurtatzeko irailaren 12a baino lehen eman beharko da izena.
Informazioa gehiago: www.zaldai.eus / zaldai@hotmail.com / 626740969