Abadiñoko Udalgintza Herrigilea dinamikak ‘Zaintza sistema eredu berri baterantz’ izenburua duen hitzaldi irekia antolatu du gaur arratsalderako, 18:30ean hasita, Errota kultur etxean. Berbaldian eta ondorengo solasaldian, arretara emateko baliabideak, eredu aukerak eta bestelako gaiak landuko dira.
Solasaldian, sistema berritzaileak eta arrakastatsuak garatu dituzten Usurbil eta Hernaniko alkateak mintzatuko dira, Agurtzane Solabarrieta eta Xabier Lertxundi, hurrenez hurren, eta Naiara Bildosola Abadiñoko EH Bilduko zinegotzia izango da dinamizatzailea.
Ekimenaren antolatzaileen esanetan “Abadiñon 60 urtetik gorako 1.900 herritar ditugu, eta urte gutxiren buruan gehiago izango dira. Pertsona hauentzako bizitza aktiboa eta kalitatezko zaintza bermatzea da gure helburuetako bat, eta hortaz erronka honetarako prestatuak egon behar gara”.
Eredua aukeratu
Adindun herritarrek behar duten “zaintza-sistema integral bat diseinatu eta garatzea” beharrezkoa dela uste dute Udalgintza Herrigileko eragileek, “pertsona bakoitzak, familia bakoitzak, bere beharrizanei hobekien erantzungo dien eredua aukeratu ahal izateko: etxean, egoitza batean, eguneko zentroa erabiliz edo beste formularen bat erabilita”.
Ekitaldian, behar diren baliabide desberdinen azterketa egingo da, hau da, eguneko zentroa, etxebizitza kolaboratiboa edo jendartea; zaintza publikoa edo pribatua ereduen inguruko hausnarketa; edota zaintza indibiduala ala sare kolaboratiboa izango dira aztergai.
Solasaldiaren azken helburua “Abadiñorako zaintza sistema diseinatzea” dela diote antolatzaileek, bertan azalduko diren esperientziak gertutik ezagutuz.