
Elorrixoko MTB taldeak XVIII. Mendi Bizikleta martxa antolatu du domeka honetarako eta parte hartzaileek hiru ibilbide desberdinen artean aukeratu ahal izango dute. Lehiaketa ez den martxa honetan parte hartu nahi dutenek goizeko 10.00etan abiatuko dira Herriko plazatik.
Ibilbide zaila aukeratzen duten txirrindulariek 36 kilometro eta 1.171 metrotako desnibel positiboa duen ibilbidea egingo dute. Txirrindulariek Apatamonasteriorantz joko dute lehenik, gero Laumunarrietara eta Santa Lutzia igaroko dituzte Kanpazarrera heldu aurretik. Ibilbideak kantera zaharretik eta Udala herritik jarraituko du, Besaidera eta Teilamendiko txabolara joko du ondoren eta Besaidera itzuli eta gero, irteera puntura jaitsiko da zenbait bide zidorretatik.
Prestatutako bigarren ibilbidea aukeratzen dutenek, 24 kilometroko luzera eta 702 metrotako desnibelari aurre egin beharko diote. Txirrindulariek aurrekoaren ibilbide berdina egin beharko dute lehen kilometroetan, baina Kanpazarrera joan beharrean Besaidera jango dira zuzenean.
8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat prestatutako ibilbideak berriz, 12 kilometroko luzera eta 90 metroko desnibel positiboa izango du. Apatamonasteriorainoko bidea beste txirrindulariekin egin ondoren, gaztetxoek Gaztelurantz hartuko dute bariante berriaren ondotik doan pistatik. Hortik berriro Elorriora bueltatuko dira bidearen beste aldean dauden pistetatik.
Izena ematean 7 euro ordaindu beharko dituzte federatuek eta 15 euro federatuta ez daudenek. Proba hau martxa bat denez, ez da sailkapenik egongo.
Antolatzaileek hornidura puntua jarriko dute Besaiden eta amaieran edariak, jatekoak eta oparien zozketa egingo da Herriko plazan. Bizikletak garbitzeko lekua eta dutxak ere prestatuko dira.