Kulturan eta euskaran, kirolean, arlo politikoan zein gizarte-ongizatean diharduten 14 kolektibok jarritako zortzi txosna, sukalde bat eta bi agertokik osatuko dute Landako Gunearen kanpoaldean kokatuko den txosnagunea. Eremu horretako egitaraua gaur bertan hasiko da, Bilgune Feministak 20:30ean piztuko duen txupinazoarekin.
Txosna Batzordean biltzen diren talde, elkarte eta erakundeek gogo onez hartu dute 2018an eta 2019an izan zuten kokagune berdina, “herriaren erdigunean dagoelako eta, azpiegituren aldetik, leku praktikoa delako. 2014an Landako Gunearen barrualdean egon zen txosnagunea, baina aurten barrukoa paella eta tortilla txapelketa egiteko eta bestelako ekitaldiren baterako erabiliko dugu”, Endika Blanco txosna batzordearen kidearen esanetan.
Udalaren aldetik jasotako erraztasunak eskertzeaz gain, Plateruenaren ingurua erabiltzeko aukera baliatuko dute, “gune horretan jarriko dugulako DJen saioetarako erabiliko dugun eszenatoki txikia”.
Bi agertokietako musika eskaintza “proposamen interesgarri edo erakargarriekin” osatuta dagoela uste du Blancok. Izan ere, “herriko eta eskualdeko taldeen partaidetza bultzatzen ahalegindu gara, eta lehenengo egunean Konorte, Parkatu, Penny Fleck eta Laru taldeek joko badute, bigarren egunerako bertako DJen maratoia prestatu dugu”.
Musika egitarauan tartekatuko dira ere, 14an joko duten Añube, Vulk eta Los Zopilotes Txirriaos; 21ean egongo diren Peio eta Itsua, J Martina eta Merina Gris; eta azken egunean, 22an, agertokira igoko diren Dj Remy eta Beñat eta Maixa.
Guztientzako ekintzak
Hala ere, txosnagunearen arduradunek edozein adineko herritarrentzat aproposa izan daitekeen jai eremua prestatzen ahalegindu dira eta helburu horrekin “herritar guztiei zuzendutako ekintzak antolatzea izan da batzordearen helburuetako bat”.
Aurtengo programazioan ez dira faltako ohiko paella eta tortilla txapelketa jendetsuak; Mañaria errekaren jaitsiera arrakastatsua; edo gazte eta elkartasun bazkariak. “Familia eta umeei zuzendutako Kalaka egurrezko jolasekin osatutako haur parkea; Eixu artisau eta sortzaileen azoka; edo Leire Vargas idazle eta bertsolari durangarrak parte hartzen duen ‘eRRe. Aldarri bat bertsoz’ ikuskizuna” ere azpimarratzen ditu Blancok.
Kokatuko diren txosnak bertan inplikatutako eragileen aniztasuna erakusteaz gain, “talde desberdinen arteko harremanak sendotzeko eta elkarlana indartzeko” baliagarria dela uste du Blancok. Gainera, sukaldearen ardura nagusia Ibaizabal ikastolako familiek eta irakasleek hartuko dute beraien gain, “eta txosna batzordeko kideok eurek urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldi eta jardueretan parte hartzen konprometitu gara”, Blancok azpimarratu duenez.
Txosnagunea “euskararen arnasgune” izateaz gain, “emakumeen presentzia oholtza gainean bermatzen ahalegindu gara”. Gainera, San Fausto jaiak denontzat direnez, “elkarlanean eta errespetuarekin jokatu beharra” gogoratu du Blancok. Horrekin lotuta eta “denontzat espazio segurua izateko, protokolo bat martxan jarriko dugu eta ez da inolako jarrera edo eraso sexista, ez LGTBI+foborik zein arrazistarik onartuko”, gogoratu du.