Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan jokatuko da domeka arratsaldean Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udagoieneko faseko hirugarren kanporaketa. Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta agertokian Txaber Altube abadiñarra izango da beste bost bertsolarirekin lehian.
Domekako kanporaketan lehenengo postuan sailkatzen ahaleginduko da bertsolari abadiñarra, postu horrek bermatzen duelako finalaurrekoetan egoteko txartela. Hori lortzeko Urdulizko Aitor Esteban, Gernika-Lumoko Ander Elortegi, Artzentaleseko Ander Urcelay, Leioako Inazio Vidal eta Algortako Unai Mendiburu gainditu beharko ditu.
Ekitaldian egin beharreko lana Zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertsorekin hasiko da eta ondoren, zortziko txikian ofiziotan beste hiruna bertso abestu beharko dituzte; puntua emanda bertso bi zortziko txikian; hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso eta bakarkako lanari ekingo diote azkenik, gai bati buruz bertso bi abestuz, doinu eta neurri librean.
Sarriugarte eta ‘Abarkas’
Orain arte jokatutako bi kanporaketetan eskualdeko bi ordezkarik abestu dute. Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak urriaren 6an abestu zuen Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Udagoieneko faseari hasiera eman zion saio horretan laugarren postuan sailkatu zen 439 punturekin.
Kanporaketa faseko bigarren saioa aurreko domekan jokatu zen Santurtziko Serantes Aretoan eta ekitaldian Eneko Abasolo ‘Abarkas’ek abestu zuen. Saio txukuna egin arren iurretarrak bigarren sailkatu zen 460 punturekin, ekitaldia irabazi zuen Malen Amenabarren atzetik.
Beraz, Sarriugarteren zein ‘Abarkas’en aukerak finalaurrekoetan egoteko azken kanporaketaren ostean erabakiko dira. Guztira bost bertsolari izango dira lortutako puntuen arabera aurrera egingo dutenak; beste bost, kanporaketa bakoitzeko irabazleak izango dira eta finalaurrekoan egongo diren beste zortziak 2016ko finalistak izango dira.