
Durango eta Iurretako bertsolariek eta bertsozaleek osatutako Tronperrieta taldeak eskuratu zuen Abadiñon jokatutako Bizkaiko Taldekako Txapelketaren finala. Aldez aurretik Bizkaiko eskolarteko bat-bateko txapelketa jokatu zen eta bertan Bittor Altube abadiñarra txapeldunordea izan zen.
Bizkaiko Taldekakoaren finalean Iurreta eta Durangoko Tronperrieta, Abadiñoko Koipelustre´s eta Berriz eta Elorrioko Miotako bidelapurrak lehiatu ziren. Bertsotan jardun zirenak berriz, Tronperrietako Ander Sarriugarte, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Gorka Pagonabarraga; Miotako bidelapurrak taldeko Miren Amuriza, Iruri Altzerreka eta Gorka Lazkano, eta azkenik, Koipelustre´s taldeko Txaber Altube, Igor Galarza eta Aitor Bizkarra izan ziren.
Finaleko aurkezle lanetan Amaia Ugalde eta Ainhoa Urien aritu ziren eta eguneko gaiak hiru taldeetako gai-jartzaileen artean prestatu zituzten. Epaileak berriz, Erika Lagoma, Miriam Juaristi eta Jose Garaizabal izan ziren.
Epaileen lanaz gain finalera gerturatu zen publikoak ere zer esan handia izan zuen, zaleek ere bozkatu egin zutelako talde txapelduna zein zer erabakitzeko. Azkenean, Tronperrieta taldeak lortu zuen garaipena.
Bizkaiko Taldekakoan, 21 taldek parte hartu dute, eta modu autogestionatuan antolatu zituzten txapelketan izan ziren saio guztiak.
Bittor Altube txapeldunorde
Finala jokatu aurretik, Bizkaiko eskolarteko bat-batekoa jokatu zen eta bertan lehiatu ziren zortzi bertsolarien artean Bittor Altube abadiñarra eta Ander Sarriugarte durangarra izan ziren.
Partaideek zortziko handian eta txikian ofiziotan egin zuten, eta ostean, bakarka gaiari erantzun zioten. Ariketa horiek egin ostean, Maite Sarasola eta Bittor Altube izan ziren buruz-burukorako sailkatu ziren bertsolari biak. Puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan zuten atal horretan.
Buruz burukoa jokatu ostean, Maite Sarasola deustuarrak batu zituen puntu gehien, 2019ko Bizkaiko eskolarteko txapela lortuz. Bittor Altube txapeldunordea izan zenez, ekainaren 8an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako txartela lortu zuen.