Durangoko Azokak Landako Gunea zein ohiko espazioak berreskuratu ditu 56. ediziorako, urtebeteko etenaldia eta gero. Antolatzaileek, argitaletxeek, diskoetxeek eta gainontzeko partehartzaileek jarritako 220 erakusmahaiak ondo atonduta izan dira goizeko 10:00etan izan den irekierarako.
Bisitariak irrikan egon dira aurten eskuragai egongo diren ia 1.000 nobedadeak ikuskatzeko, eta lehen orduetan bertaratu direnek gogo onez hartu dute Gerediaga Elkarteko antolatzaileek ezarritako txanda-sistema.
Lehenengo bisitariak barruan egon diren bitartean, Landako kanpoaldean jende ilarak sortu dira 12:00etan hasi den bigarren txandan sartzeko eta eguraldi kazkarra izan arren, tenore onez hartu dute antolatzaileek aukeratutako sistema. “Oso ondo antolatuta dago. Sarrera txandaka egiteak, standak jende pilaketa barik ikuskatzea ahalbidetzen du”, adierazi dute hainbat bisitarik.
«Ekarritakoa saltzea”
Gaur eta datozen lau egunetan, standetan egon diren sortzaile eta saltzaileek adierazitakoa gauzatzea besterik ez da falta eta Landakora gerturatutako materiala standetatik bisitarien eskuetara pasatzea; hau da, “ekarritakoa saltzea”.
Eta Durangora gerturatzerik ez duenak, eskuragai dauka www.durangokoazoka.com webgunean salgai dagoen guztia.