Covid-19aren izurriteak eragindako konfinamenduren eraginez ekitaldi ugari bertan behera badaude ere, Iurretako herri bibliotekak eskaintzen dituen zerbitzu gehienak berprogramatu eta on-line eskainiko ditu, gaur arratsaldeko ipuin kontaketa tarteko.
Iurretako Udaleko zerbitzuak Peru Magdalenak eskainiko duen ‘Anbotopeko ipuinek’ ekitaldia prestatu du eta arratsaldeko 18:00etan hasiko den saioa interneteko esteka honetan ikusi ahal izango da. Agerraldia sei urtetik gorako neskato-mutikoei zein familiei zuzenduta dago.
Ibarretxe kultur etxeko liburutegiak eskaintzen dituen gainontzeko baliabideak ere on-line jarraitu ahal izango dira egun hauetan, haur, gazte eta helduentzako irakurketa klubak tarteko.
Ingelez eta frantsesezko mintza-praktika tailerrak berriz, beteta daude dagoeneko baina astelehenetan 17:30ean egiten den euskarazkoan oraindik parte hartzeko lekua dagoela adierazi dute. Horretarako beharrezkoa da izena ematea biblioteka@iurreta.eus helbide elektronikoan.
Bestalde, eguntoan etxean gustora egoteko hainbat baliabide prestatu dituzte familientzat bibliotekako arduradunek, entzuteko ipuinak; liburu edo pelikular eskuratzeko helbide elektronikoak; gorputza lantzeko ariketen edo arima lasaitzeko edo lantzeko gune birtuala; eta eskulanen, mahai jolasen edo jolasteko guneak, besteak beste.