
San Agustin Kultur Gunean kokatuko da Azokaren Szenatokia gunea eta bertan eskainiko diren agerraldien artean Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolari durangarrek idatzitako ‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlana nabarmenduko da.
Artedrama konpainia bizkaitarrak, Le Petit Théâtre de Pain talde lapurtarrak eta Gipuzkoako Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean sortutako ikuskizuna abenduaren 6an, goiz eta arratsaldez, eszenaratuko da.
Urriaren 31n Luhusoko Harri Xuri aretoan estreinatutako ikuskizunaren sortze prozesua, ez da gauzatu entseguak hasi aurretik idatzitako antzerki-lanen erara. Iturriaga eta Elortzaren idazkera “oholtzari intimoki lotuta” egon da “egiatasuna eta indarra babesteko” intentzioarekin, ekoizpenaz arduratu diren taldekideen esanetan.
‘Francoren bilobari gutuna’ obrak hiru gai nagusi lantzen ditu. Alde batetik gizartearen osasuna, bestalde izugarrikerien transmisioa eta, azkenik, Frankismoaren oroimena eta herentzia.
Ximun Fuchsek zuzendutako ikuskizunean, Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas dira antzezleak.