Inoiz baino lehenago hasiko da aurten Durangoko Azoka, abenduaren 2an hain zuzen. Euskal kultura eta sorkuntzarekin ezinbesteko hitzorduak 51. edizioa beteko du eta aurten ere bost egunez luzatuko da, abenduaren 6an amaituko baita.
Gerediagako kideak harro daude “euskal kulturaren plazak beste behin izango duen eskaintzarekin”, elkarteko presidentea den Nerea Mujikak aurkezpen ekitaldian aitortu zuenez. Ez da harritzekoa, “erakustokiak kultur produktuz gainezka” egongo baitira aurten ere.
Landako gunean 246 stand jarriko dira eta bertan 151 partaide izango dira, hauetako 16 autoekoizleak izango direlarik. Bertaratzen diren argitaletxe, editore eta sortzaileek 349 nobedade aurkeztuko dituzte, hauetatik 223 liburu, 61 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta 19 joko, agenda, egutegi eta bestelakoak.
Azokaren ardatza Landako guneko Areto Nagusia izango bada ere, kulturaren arlo desberdinei lotutako beste zazpi espaziorekin osatuko da, 200 kultur ekitalditik gora eskainiz.
Areto Nagusian zabalkunde lanen aurkezpenak eta Gogoetaren Plazako solasaldiak zein mahai-inguruak egingo badira ere, bertan egongo dira Ahotsenea gunea eta, zuzenean zein streaming bidez emitituko duen, Azoka TB. Ahotseneako aurkezpen eta solasaldiak Landako gunearen barnean egingo dira eta kanpoaldean jarriko diren bi karpatan, 70 musikarik eta musika-taldek beraien lanak aurkeztuko dituzte.
Etxeko haur eta gazteenei zuzendutako Saguganbara kulturaren transmisiorako gunea izango da eta, Zugaza zineman kokatuko den Irudienean, ikus-entzunezkoen emanaldiak (luzemetraiak, dokumentalak zein laburmetraiak), tailerrak edo Kameratoia lehiaketa egongo dira. Kultura digitalaren Kabia@ esparrua berriz, Areto Nagusiaren alboan jarriko den domo geodesikoan egongo da.
Plateruena eta San Agustin Kultur Guneko Szenatokia espazioak, musika eta arte eszenikoen guneak izango dira hurrenez hurren. Kafe Antzokian Willis Drummond, Zea Mays, Skakeitan eta Bide Ertzean taldeek joko dute, azken honen kontzertua doakoa izango delarik.
Szenatokian berriz ‘Mami Lebrun’ antzezlana, zortzi taldek eskainiko duten antzerki maratoia eta ‘Francoren bilobari gutuna’ izango dira ikusgai.