Iurretako Herri Bibliotekako Irakurketa Klubak online eskainiko dituen hainbat ekimen iragartzen ditu datozen egunetarako. Proposamenak irakurzale helduei, gazteei zein haurrei zuzenduta daude.
Maiatzaren 11an eta 18an, 17:00etatik aurrera Ainhoa Aldazabalek gidatuko duen Emakumeen literatura tailerrak ‘Vanguardia española’ gaia izango du hizpide.
Maiatzaren 22an, 17:00etan, Nerea Goioagak dinamizatuko duen frantseseko ‘Club de lecture’ ekimenak, Voltaireren ‘Candide ou L’optimise’ izango da mintzagai. Maiatzaren 26an, 18:30ean, Jessica Oleagaren ardurapean egingo den ingeleseko ‘Reading Club’en D. H. Laurenceren ‘Te virgin and the gipsy’ obra izango da saioaren ardatza.
Gazteentzat prestatutako ‘Paperezko hegoak’ ekimena dinamizatuko du Txomin Magdalenak maiatzaren 13an egingo diren hiru saioetan. 17:00etan egingo dena L.H.ko 3.eta 4. mailako ikasleentzat izango da; 18:00etakoa L.H.ko 5.ekoentzat eta 19:00etakoa L.H.ko 6.ekoentzat.
Umeentzat eta familientzat prestatutako ‘Mintzoan kux-kux’ ekimenak bi saio iragartzen ditu maiatzaren 15erako. 17:00etakoa 3 eta 4 urtekoei zuzenduko da eta 18:00etako bostetik zazpi urte artekoentzat.
Haurtxoek eta familiek Saroa Bikandik eskainiko dituen ‘Azalerako ipuinak’ ekimenarekin gozatzeko aukera izango dute maiatzaren 20an. 16:45ekoa, 0 eta 18 hilabete bitartekoentzat izango da eta 17:30ekoa berriz, 18 eta 36 hilabete artekoentzat.
Helduei, gazteei zein haurrei zuzendutako saioetan parte hartzeko izena eman behar da biblioteka@iurreta.eus helbidean.
Berrirekiera prestatzen
Bestalde, Ibarretxe Kultur Etxean dagoen Herri Bibliotekaren arduradunek zerbitzu horren berrirekiera prestatzen ari dira eta horretarako “etxean maileguan hartuta dauzkaten materiala” bueltatzea eskatzen dute.
Maileguan hartutako liburuak eta bestelako materialak Ibarretxe eraikinaren kanpoaldean dagoen buzoian utzi behar dira. Ondoren, bertako bildumari behar duen tratamendua eman eta “lehen bait lehen berrogeialdian” jarriko da, berriro “modu seguruan” eskaintzeko erabiltzaileei.