Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalariak 2022ko Skyrunner World Series txapelketa irabazi dezake urriaren 8an Zeanurik korrituko den Gorbeia Suzien lasterketan. Abadiñarrak Bulgariako Pirin Extreme proba irabazi zuen zapatuan eta sailkapen orokorreko lehenengo postuan dago, lasterketa bakarraren faltan.
Bansko herrian irteera eta helmuga zuen Pirin Extreme lasterketako partaideek, 38 kilometro ibilbidea bete behar izan zuten, 3.300 metro gainbehera positiboarekin eta 2.914 metro altuera duen Vihren tontorra igotzeaz gain, 2.908 metrora gailurra duen Kutelo eta 2.746ko altuera duen Todorka mendiak igo behar izan zituzten.
Azkorbebeitiak 05.50.29 denborarekin amaitu zuen lasterketa, Sandra Sevillano santurtziarra baino bost minutu gutxiago behar izan zituela (05.55.21), eta hirugarrena izan zen Maite Maiora mendaroarra baino ia zortzi minutu gutxiago (05.58.07).
2022ko Skyrunner World Series probako lau lasterketa korritu ditu abadiñarrak. Vall de Boiko Garmin Epic Trail, Norvegiako Tromso Skyrace eta Bulgariako Pirin Extremen probak irabazi ditu eta 100na puntu batu ditu, eta Andorrako Skyrace Comapedrosan 16 puntu eskuratu zituen. Bildutako 316 puntuekin behin behineko sailkapeneko lehenengo postuan kokatzen da, Iris Pessey frantziarra eta Lindsay Webster kanadarraren aurretik.