
Bizkargi Gogoratuz Elkarteak antolatutako Bizkargi Eguna ospatuko dute bihar Zornotza, Larrabetzu eta Morga batzen dituen mendi tontorrean, egitarauan musika, dantza, eta bertsoak nagusituko direla. Berez, aldarrikapen, jai eta ospakizun eguna maiatzaren 3a izaten bada, aste barruko egunaren ordez hurrengo igandean egiten da aspalditik.
Eguneko egitaraua goizeko 11:0etan hasiko da trikitilarien eta txistularien ekitaldiarekin eta 12:30etan ‘Memoria eta Etorkizuna’ hizpide izango duen ekitaldia hasiko da. Ordu erdi geroago desfilea eta harrera egingo diote Etxanoko Nagusiari, aginte-makila irudikatzen duen txuzoa emanez.
Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldearen saioarekin jarraituko dute eguerdiko ekitaldiak, eta ondoren Xabier Arriaga ‘Txiplas’, Onintza Enbeita eta Asier Galarza ‘Muxi’ bertsolarien saioa eta Enekoren kantaldia egongo dira. 13:15ean Koldo Etxebarria aita-seme trikitilariek girotutako erromeria hasiko da. Arratsaldean, Larrabetzuk hartuko du aldarrikapenaren eta festa giroaren lekukoa.
Bizkargi Egunaren jatorria Gorozika, Morga, Etxano, Larrabetzu eta Muxikako parrokietako jendea eta udaletxeetako zinegotziak elkartzen zituen ospakizunean dago. Aspaldian, bertan bildutakoek Etxanoko jabetzakoa den ermitan meza entzun eta ondoren erromerian parte hartzen zuten. Erromeriari hasiera emateko, Etxanoko Udalaren ordezkariak ‘txuzoa’ lurrean sartu behar zuen ermitaren ondoan.
1936ko Gerran hainbat borrokaldi izan ziren Bizkargin euskal gudarien eta faxisten artean, tontorra behin eta berriro irabazi eta galduz. Borrokaldietan ehunka milizianok eta gudarik parte hartu zuten, batailoi desberdinetan antolatuta. 1937an ermita suntsituta geratu zen, baina urte batzuk geroago, 1943ko maiatzaren 16an, berriro eraiki eta inauguratu zuten.
Testuinguru politiko-sozial berria
Gerra osteko hamarkadetan Santikurtzeak ospatzeari ekin zioten berriro nolabaiteko normaltasunez, meza eta erromeriarekin, hildakoen senideek eta gudariek ere parte hartzen zutelarik. Eguneko ospakizunak Zornotzan jarraitzen zuten arratsaldean.
Azken hamarkadetan, Zornotzako Udabarri Dantza Taldeak, AEK-k, Amnistiaren Aldeko Batzordeak edo Etxanoko Andra Mari Elkartea arduratu dira Bizkargi Eguna antolatzeaz, testuinguru politiko-sozial berriei egokituta. Azken edizioak berriz, Bizkargi Gogoratuz Elkarteak hartu bere gain antolakuntzaren ardura.