ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta CGT sindikatuek deituta, metaleko langileen elkarretaratzea egin da gaur 13:30etik 14: 00etara Gestamp Bizkaia enpresak Abadiñon dituen instalazioen aurrean.
Ekitaldiarekin, Microdeco eta Gestamp Bizkaiko enpresetako langileak diren Aitor eta Arkaitzi elkartasuna adierazi diote, urriaren 4an Bizkaiko Auzitegi Probintzialean izango duten epaiketaren aurrean.
Epaituak izango diren bi langileak 2019an egindako metal sektoreko greban parte hartu zuten.
Auziperatuei agintaritzaren aurkako atentatua leporatu diete eta Ertzaintzaren akusazio partikularretik 23 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen zaie. Gertatutakoa, “Ertzaintzak berak bilatutako eta bultzatutako liskar baten ondorioz” izan zen LABen arabera.
Lan-hitzarmena
2019an burututako grebak. metal arloko lan-hitzarmena eguneratzeko helburua zuen. Izan ere, hitzarmen horrek “50.000 familiari baino gehiagori” eragiten dio eta “urteak zeramatzan izoztuta eta negoziazioa blokeatuta”, sindikatu soberanistaren esanetan.
“10 greba egun gogor” ondoren, “sektoreko hitzarmenaren baldintzak hobetuta” izateaz gain, soldata-igoeren, soldaten, lanaldien eta abarren “gutxieneko zoru bat” ezartzea lortu zen.