
Euskara ikasi ondoren lotsa galdu, soltura irabazi eta praktikatu nahi duten ‘bidelaria’ eta asmo horretan solaskidea duen ‘bidelaguna’ lotzen ditu Maramara taldeak sustatutako Mintzanet ekimenak. Donostian zapatuan egindako Mintzanet Egunean, Marisa Barrena durangarrari eman zioten bidelagun onenaren saria.
Barrenak “oso pozik” jaso zuen emandako onarpena, “batez ere asko kostatzen delako bidelagunak lortzea. Baina batez ere pozten nauena Mintzanet proiektua bera da”.
Ekimen honen helburua euskara on-line praktikatzeko aukera ematea da, gutxienez, A2-B1 euskara maila duten bidelariei. Izan ere, noiznahi eta edonon praktikatu daiteke, interneteko Skype aplikazioa besterik ez baita behar. Eguna eta ordua aldez aurretik zehaztu ondoren “ordu erdiko berriketaldia egiten dugu astero”.
Barrena jubilatu ostean inplikatu zen ekimen onetan, “orain direla bi urte”, eta hasieratik “Izaskun Etxebarria bilbotarra izan dut bidelaria” nahiz eta solaskidea “munduko edozein lekukoa izan daitekeen; Argentinakoa, Txilekoa, Londreskoa…”. Izango duen hurrengo bidelaria beste pertsona bat izango da, “Izaskun, seguruenik, bidelaguna bilakatuko delako”.
Orain arte izandako esperientzia “oso positiboa” izan dela aitortzen du Barrenak, “egiteko erraza delako eta fruituak ematen duen zerbait delako”. Bi urte hauetan izan duen bidelaria “oso pertsona aktiboa da eta beti izaten du kontatzeko zerbait” eta, gainera, bien artean “lagunen arteko harremana” sortu dela dio durangarrak.