Otsailaren 17an, domekan, greba feminista sostengatzeko argazki jendetsua aterako dute Andereak elkarteak antolatu duen neskenganako eta emakumeenganako bortizkeriaren aurkako ‘flashmob’-aren ondoren. Eguerdian aterako den argazki horren helburua Durangoko emakume guztiak grebara deitzea da.
Martxoaren 8aren harira, dagoeneko hiru asanblada burutu dira Andragunean eta, koordinazio taldeak adierazi duenez, ‘emakume andana’ hurbildu da. Horretaz gain, otsailaren 20an eta martxoaren 3an egingo diren asanbladetara joateko deia ere egin dute. Lantaldeak dagoeneko finaktuta daudela, baina parte hartu nahi duen ororentzat zabalik daudela adierazi dute Durangoko M8 Asanbladatik. Prest dagoena grebafeministadurango@gmail.com helbidean jarri daiteke harremanetan M8 asanbladako kideekin.
Hainbat ekintza burututa
Martxoaren 8ra begirako lehenengo ekintzak burutu dira jada: kartel itsastea, txokolatada informatiboa, eta autofinantzaketa lantzeko kristalezko pote bilketa, eta grebaren iruditeria izango duen materialaren prestaketa, besteak beste.
Gainera, Andragunean kristalezko poteak uzteko deia egin da, izan ere, asanbladako kideek ahalik eta gune gehienetan jarri nahi dituzte itsulapikoak, greba diruz sostengatu nahi duenak horretarako bide erraza izan dezan. Azkenik, grebarekin lotutako materiala prestatzeko txandak osatzen ari dira.