Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun Arloak kudeatzen duen hezkidetza espazioak sasoiko bigarren hitzaldia antolatu du martxoaren 2rako. `LGTBIQ+ sexu dibertsitatea, gure seme-alaben kontua ere bada´ hitzaldia 18:00etan hasiko da eta bertan egoteko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
Programak “seme-alabekin sexualitateari buruz hitz egiten ikastea eta bien arteko tabuak gainditzeko” tresnak eskainiko ditu, Berdintasun arlotik adierazi dutenez. Gainera, haien beharrak ezagutzea, aldaketa fisikoak identifikatzea, autoestimua lantzea eta nesken edo mutilen arteko harreman-ereduak aztertzea nahi da.
Ikastarora joan nahi duten guraso edo tutoreek otsailaren 21a baino lehen eman beharko dute izena, Udalaren webgunean, Berdintasun Sailean dagoen formularioa beteta. Informazio gehiago nahi duenak berdintasuna@amorebieta.eus e-postara idatzi dezakete edota 94 630 00 02 telefonora deitu.
Hezkidetza espazioak antolatutako hirugarren eta azken saioa maiatzaren 4an izango da eta jardunaldiaren goiburua ‘Pornoaren eta sare sozialen sexu heziketa indargabetu. Familientzako aholkuak´ izango da. Bertaratzen diren zornotzarrek egungo errealitatea ezagutuko dute eta honen inguruko aholkuak jasoko dituzte.
Hezkidetzako espazioa Amorebieta-Etxanoko Udalaren 2021-2022 Jabekuntza Programaren barruan kokatzen da, eta helburu du gurasoek zein tutoreek hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat izatea.