Memoria Historiaren inguruko astea hasiko da bihar Elorrion, sortu berri den Laumunarrieta elkartea eta Udalaren antolakuntzarekin. Bigarren urtez antolatzen diren jardunaldietan hitzaldiak, berbaldiak eta herrian dauden bonbardaketaren aztarnak zein Intxortako frontera bisitaldi gidatuak tartekatuko dira.
Elorriar talde batek Udalaren laguntzarekin martxan jarritako ‘Laumunarrieta’ elkarte berriaren aurkezpenarekin hasiko da Memoria Historikoaren astea. Arratsaldeko 19:00etan udaletxean hasiko den ekitaldian, elkartearen ordezkariek, Idoia Buruaga alkatea eta Txus Arrieta Gizarte arloko zinegotzia egongo dira.
Agerraldian, “Memoria isilpekotik eta ahanzturatik deshobiratzeko” helburua duen elkartearen berri emango da eta urte osoko lan plangintza azalduko da.
Aurkezpena amaitu ondoren, irakaskuntzan diplomaduna, filologian lizentziaduna, ikerlaria eta hainbat argitalpenen egilea den Roman Berriozabal elorriarrak ‘Egoera soziopolitikoa Elorrion’ izenburua duen hitzaldia emango du.
Memoria Historikoaren astearen bigarren hitzordua, eguenean izango da Iturri Kultur Etxean. Arratsaldeko 19:00etan hasita, Iñaki Egaña historialari eta idazleak ‘De los Intxortas a Santoña’ izenburua duen hitzaldia eskainiko du.
Egun berean zein barikuan, herriko DBHko ikasleei zuzendutako hitzaldiak emango ditu Jon Ander Ramos historialariak. Ekitaldietan, Gerra zibileko bonbardaketak Elorrion utzitako hondarrak ezagutzeko aukera izango dute ikasleek.
Bariku arratsalderako berriz, elorriarrei Elorrioko bonbardaketaren hondarrak ezagutzeko aukera emango dien bisita gidatuak antolatu dira. 17:30ean eta 19:00etan plazatik abiatuta Jon Ander Ramosek gidatuko dituen bisitaldietan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo 94 658 27 12 telefonora deituta.
Memoria Historikoaren Asteko egitaraua larunbateko bisita gidatuarekin osatuko da. Kasu honetan, Intxortako frontea bisitatzeko aukera egongo da eta bertara joan nahi duenak plazako parkingean egon behar da goizeko 10:00etan.