Arau ziheterosexuala arrakalatu nahi duen Kuir Eztanda taldeak, San Fausto jaietako hautsak harrotuko dituen ‘karropoteo transmaribibolloa’ antolatu du. Ekitaldia datorren asteko zapatuan egingo da, Pinondon 18:00etan hasita.
Ekimen horren bidez, “jaia eta borroka” uztartu, eta aurten eztanda egingo duten haziek “aurrerantzean ernatzea da guk nahi duguna. Urteko 365 egunetan lekua izango duen borroka delako”.
Orain arte eman diren aurrerapausuak “garrantzitsuak” direla onartu arren eta “esparru zishetero normatiboan apurka-apurka anormalon (bazterretakoon) bizimoduak onartu badira ere, oso azalean geratzen da momentuz”, taldearen esanetan.
Hainbat Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual, Polisexual, Pansexual, Intersexual, Asexual eta enparau durangarrez osatutako talde berriak, “bazterrak erdigunean jarri” nahi ditu. Izan ere, beraien nahiak “norma eztanda araztea” eta “anormaltasuna aldarrikatzea” dira, eta horretarako begi aurrean jarri nahi dute “bigarren maila batean, erdi izkutaturik, armairu barruan, nahi izan duzuen Durango hori”.
Kuir Eztanda taldeak argitaratu duen idatzian dionez, “Bizkaiko ekialdeko izkina honetan ez dugu Pride egitasmoarekin bat egiten. Harro gaude, baina ez sistema zisheteropatriarkalak onartu nahi duenaz. Gorputz disidente guztiez harro, baizik. Sistema irauliko dugu; Eztanda egingo du sistema honek”.