Garaiko udalbatzak aho batez erabaki du aurtengo herriko jaiak zein udalekuak bertan behera uztea, osasun larrialdia dela-eta. Erabakiak izango dituen ondorioak leuntzeko, “urtearen bigarren seihilekoan kultur ekitaldi txikiren bat” antolatzeko aukera aztertuko dute udal agintariek.
Erabakia hartu aurretik Erramun Osa alkateak azken osoko bilkuran aurkeztutako txostena aztertu zuten udalbatza osatzen duten EAJko eta Herriko Taldeko zinegotziek. Idatziak, egoeraren azterketa laburra egiteaz gain, udarari begira hartu beharreko berehalako neurriak zein jarduera ekonomikoa berreskuratzeko orientabideak proposatzen ditu eta, diru-bilketaren jaitsieraren ondorioz, Udalaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko irizpideak jasotzen ditu.
Horren ondorioz, ume eta gazteei zuzendutako udalekuak eta uztailaren 25etik 31ra bitartean ospatu ohi diren herriko jaiak “bertan behera lagatzea” erabaki zuten. Izan ere, “ezarritako osasun-neurriak betetzea, besteak beste, distantzia fisikoa gordetzea, ekitaldietara hurreratzen diren pertsonen kopurua zaintzea eta garbitasuna mantentzea bermatu ezin diren irizpideak direla”, lehenetsi dute udal agintariek.
“Egoerak, oraindik ere, oso behin-behinekoa izaten jarraitzen duela” eta birusa oraindik desagertu ez denez, “pertsonen arteko tartea zaindu eta norberaren higieneari buruzkoak” bete behar direla gogorarazi du Garaiko Udalak.