Iurretako EH Bilduk Osoko Bilkurak eta Udaleko batzordeak grabatzea eskatu zuen 2020ko urriaren 14an errejistratutako eskaeran. Baina momentuz, Udal gobernuak ez du gauzatu egindako eskaera.
Talde soberanistaren arabera “ordutik bost hilabete pasa dira eta Batzorde eta Osoko Bilkuretan gai honi buruz behin eta berriz galdetu izan dugu. Jaso izan dugun erantzuna izan da, bideo-akta ezarri nahi duela Udal gobernuak eta lanean dabiltzala”. Gainera “martxoko Plenorako” prest egongo zela esan zieten arren “ez dugu uste hala izango denik”, azpimarratu dute.
Talde honen esanean “beharrezkoa da” Udalean egiten diren bilerak sistema horretan grabatzea, saioetan “gertatzen denaren berri zuzena” izateko helburuarekin. Are gehiago, “Osoko Bilkurak publikoak izanik, bertan eztabaidatzen eta erabakitzen dena herritarrentzat eskuragarri egotea ezinbestekoa da, lehenbailehen”, gehitu dute.
Egindako eskaria publikoki berresteaz gain, grabazioak herritarren esku jartzea eskatu dute, Udalaren web orrian edo beste sistema baten bidez.